XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6.1. ERRESONANTZIA RLC ZIRKUITUETAN

6.1.0. Erresonantzia. Sarrera

Erresonantzia eguneroko bizitzan azaltzen den fenomenoa da. Sistema erresonantea, elektrikoa, mekanikoa, hidraulikoa, akustikoa edo bestelako edozein motatakoa izan daiteke.

Atal honetan sistema erresonante elektrikoa landuko bada ere, fenomenoaren garrantziaz jabetzearren, bai sistema mekanikoan, bai akustikoan, duen eragina zenbait adibideren bitartez azalduko da.

- Operako abeslariak, esaterako, beirazko kopa hautsi dezake, nota musikala maiztasun egokian igorriz gero.

- Organo baten hainbat tutu, nota ezberdinak igortzeko gai dira, bakoitzari, tamaina geometrikoaren arabera, dagokion maiztasun egokia igorriz gero.

- Auto baten kolpeleungailuaren gainean gorantz eta beherantz, maiztasun egokian, salto eginez gero, (jauzi bat segunduero gutxi gorabehera) autoaren oszilazio-higidura handia lor daiteke (motelgailuak kaltetuta badaude handiagoa).

Aldiz, jauzien maiztasuna handiagotu edo eta motelduz gero, autoaren gorabeherako oszilazio-higidura nabarmen txikiagotuko da.

- Espaziuntziaren jaurtiketan, propultsio-motoreek sortutako dardara izugarriaren maiztasunak untziaren egitura mekanikoan zuzeneko eragina du, untzia eraikitzeko erabili diren osagaiek deformazioak jasaten dituztelarik.

Untziaren deformazio-maila, motoreek sorturiko oszilazio-indarraren anplitudearen eta maiztasunaren araberakoa da. Injineru-taldeak, beraz, untzia eraikitzeko erabili diren osagaien erabateko deformazioa eragozteko, motoreak sorturiko dardararen maiztasun desegokia saihestu beharko dute, horretarako egokiak diren motelgailuak erabiliz, edo eta euskarri-egitura berriz diseinatu beharko dute.

Egoera hauek guztiek maiztasun kritiko bat erabiltzearen ondorioak dira, eta, kasu bakoitzean, maiztasunaren balio posible bakar batentzat suertatzen dira gainera.

Maiztasunaren balio hau da, hain zuzen ere, Erresonantzi maiztasuna

Adibideetan ikusi dugunez, erresonantziaren ondorioak onuragarriak edo eta kaltegarriak izan daitezke, sistemak egin behar duen zerbitzuaren arabera.

6.1.1. Erresonantzia RLC zirkuituetan

Aurrerantzean, seriean lehenik eta paraleloan ostean, ezarririko kondentsadore eta harilek osatutako zirkuituetan, zenbait aplikaziotarako ezinbestekoa den fenomeno hau landuko da.

RLC zirkuituetan, nahiz serie- nahiz paralelo-konexioetan, erresonantzi fenomenoa, zirkuituaren inpedantzia baliokidea erresistibo hutsa izatea lortzen denean azaltzen da.